Category Archives: Uncategorized

Helbide berria dugu!

Aurrerantzean, www.arpela.eu helbidean jarraituko dugu. Barkatu eragozpenak!

Advertisements

Zein izen nahiago duzue?

Aurrera goaz taldea ‘bataiatzeko’ prozesuarekin eta aurreko egunetan jasotako proposamenen artean gogokoen ditugun hirurak aukeratu behar ditugu orain. Hiru horiek eramango ditugu 30eko batzarrera, eta haien artean aukeratu gure elkarte berri & distiratsuaren behin betiko izena 😉

Aukeratu hiru izen gehienez beheko zerrendatik eta eman ‘vote’ botoiari. Animo! Gutxiago falta da eta!

Jaietan elkar topatu eta euskaraz topa egin dugu

Uztailaren 26an, udaletxeko plazan, Etxebarriko euskaltzaleok elkartu ginen, geure herriko jaietan euskaraz topa egiteko. Ekitaldi xumea izan zen; geure asmoa ere halakoxea. Izan ere, apirilaren 29az geroztik, bertako euskaltzaleok prozesu garrantzitsu bati ekin genion: euskaraz jardun eta Etxebarriko euskaldunok elkartuko gaituen elkartea sortzeari, alegia. Dagoeneko, aurrerapauso batzuk eman ditugu, atzera jotzerik ez duen bide zabal honetan.

Horregatik, herrian zehar jarduera hau iragartzen zuten kartelak ( kartel polit askoak!)jarri ondoren, egun horretan, arratsaldeko 19:30ean euskaraz topa egiteko batu ginen. Edalontziak txanpainez bete ondoren, barruko alaitasunak kanpokoarekin bat egin zuen, eta, konfetiek, serpentinek eta bestelako apaingarriek lagundu zuten euskaraz topa egiteko.

Jarraian, plazan bertaratutakoei esangura handiko eranskailu bana oparitu genien. Hantxe, pegatan, haragizko ezpain heze eta irmoek  gugaz egiteko gonbitea luzatzen zuten. Bai, horixe, gugaz euskaraz egitekoa!

Gero, lagunarteko solasaldi bizi eta alaian aritu ginen, edaria lagun, kontu kontari, pozik. Eta amaiera borobiltzeko, bertso-poteoan parte hartu genuen, F. Paia eta Jone Uriarekin. Primeran pasatu genuen topaketan topatutakoekin euskaraz topa eginez!

Erronka berriak, Etxebarriko euskaldunoi jarriak ;)

Badira pare bat urte Etxebarriko euskaltzale taldetxo bat euskarak eta euskaldunok Etxebarrin bizi dugun egoeraren inguruko hausnarketari ekin geniola.

Hausnarketatik harago joan beharra dagoelako uste osoan, deialdia egin genuen 2013ko apirilaren 29an gure gogoeta konpartitu eta Etxebarriko euskaltzaleen topagunea antolatzeko proposamena luzatzeko.

29 lagun elkartu ginen bertan, eta oso giro ona sortu zen batzarrean: kezka konpartitua eta, batez ere, egoera hobetzeko gogo bizia sumatu zen giroan. Hurrengo erronka, gogo hori bideratzen asmatu eta Etxebarrin ere euskaldunak ikusgarri egingo gaituen dinamika abiatzea.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 29an daukagu, arratsaldeko 19:15ean, Metroaren ondoko ludotekan. Bazatoz?